Heriotzaren Merkatua eta Merkatuaren Heriotza

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2006-10-26 04:52
1

Bizitzan zehar denetariko egunak izan ohi ditugu; onak, hain onak ez direnak, exkaxak, tristeak, alaiak, mozkorrak, eroak, despistatuak, motzak, luzeak, txar-antxekoak, txarrak eta oso txarrak. Gaur, zoritxarrez azken hauetaz hitz egitea tokatzen zaigu.

Ez dago gauza okerragorik maite duzun norbait galtzea baino. Joan da eta inork ez dio abisatu. Ezin izan dio inori agurrik esan eta inork ezin izan dio eskerrik eman gure artean bizitzeagatik. Hala ere, ez zuen horrelako ezer esantearen beharrik eta ez zuen agur esan beharrik ere, beti izango baita gure oroimenean. Nire aitona joan da baina gurekin izango da beti eta gu berearekin.

Egun gogorrak izan dira guztiontzat baina ez da heriotza izan egun hauetan ikusi dudan gauzarik beldurgarriena. Nire aitona gustora joan zen, joan zen eguenan 85 urte bete berri zituen eta familia guztia bildu ginen urte marka paregabe hori ospatzeko. Ederki jan eta edan genuen, makina bat barre ere egin genituen, beti bezala. Abaniko batean nire heriotza eguna aukeratu beharko banu, ez dut uste egun hori baina hobeagorik aurkituko nukeenik.

Geroago ordea, gertatu ziren aitonari ere barrenak bihurrituko zizkioten gauzak. Nire aitonaren nahia erraustea zen eta halaxe egin genuen. Horretarako, Lasarte inguruan Donostialde guztiarentzako prestatua dagoen tanatoriora joan beharra izan genuen. Horrek bai beldurra! Hamarmila gela familia bakoitzak bere hildakoa bertan eduki zezan, kafeteri izugarri bat eta edozer gauza saltzeko prest dauden putre koadrila. Zinera joatea bezalaxe, sarrera eskuan izatea besterik ez zen falta.

 

-Sala?

-La 6

-Que tenga una buena visión

 

Heriotzaren parke tematikoa, horixe da hori! Hilkutsa erraustegian sartu bezain pronto, han ziren bi putre negar zotinka zebiltzanei errautsentzako diseinuzko pitxar biodegradable bat saldu nahian. Unerik gogorrenean norberak non dagoen ere ez dakienean, han datoz bi hiena pitxar “magiko” horren gaitasunetaz hitz egiten. Eskerrak besteren batek burua hotzagoa zuen eta haizea hartzera bidali zituen. Zertarako behar dugu guk pitxarra biodegradable bat, gure aitonak errautsak haizeratu nahi bazituen?

Gaizki usaintzen du han, sentimendurik ez duenaren usaina dago, besteen sentimenduez inmunizaturik dagoen horren usaina, helburu bakarra diru erraza duen putre horren usaina.

Ez da lan txarra hala ere, hotzean begiratuta. Hauek ez dute sekula krisirik izango, beti hiltzen da norbait, beti hiltzen da maite duen jendea duen norbait eta ondorioz beti dago bere heriotza ordaintzeko prest dagoen norbait ere. Hori al da merkatua librearen utopia, hori al da esku ikustezinak eskaintzen digun justizia? Gauza bat besterik ez dut buruan: mundu hau ez doa ondo eta denok, pentsatu beharrean gaude.

txomin_hood

txomin_hood 2006-10-27 01:23 #1

<p>Ez zaik arrazoirik falta. Animo!</p>


Utzi iruzkina: