Euskal Shore! Euskera kaka ere egin behar da...

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2012-11-21 20:00

Uda honetan zaping amaiezin asko saio berbera ikusten amaitu ditut. Hasieran nazka aurpegiarekin, harriduraz gero eta barrez lehertzen bukaerarako. Entzuna nuen saioa esistitzen zela baina sekula ez nion arreta gehiegi eskaini. Saioaren izena, Jersey Shore da.

Lotsagarria da bai, bertan agertzen diren pertsonek (zerbait esateagatik) ez dute errespeturik ere merezi, edozein gauza dira eredu bat ezik baina zer nahi duzue esatea? Oso dibertigarriak dira…

Saio honen arrakasta ikusita, MTV kateari (garai batean musika kate zena) beste herrialde batzuetan ariketa berbera egitea otu zitzaion eta Ingalaterran Guido amerikarren parekoen bila hasi zen. Ingalaterran denbora luzez bizi izan den lagun baten hitzetan, ez zuten oso zaila izango… eta Geordiak topatu dituzte. Esperimentuaren emaitza, jatorrizko produktua baina askoz ere bizarro eta basapiztiagoa suertatu da.

Gauzak horrela, herrialde bakoitzeko fauna tribal lotsagarriena azaleratzen jarraitu dute MTVkoek (garai batetan botatzen zuten musika ezta? Ez nago ziur…) eta oraingo honetan Espainia izan da ikerketa antropologikoaren eremua (ederki dakigu guztiok ez zitzaiela gehiei kostatuko oraingo honetan ere…). Emaitza, Gandia Shore izeneko saioa izan da.

Hirugarren saiakera, lehen ataleko lehen minututik hasita, aurrekoak baino askoz ere bizarroagoa da. Hainbeste, aurreko biek amaierarako lortzen zuten pertsonaiekiko konplizitatea ez dela inongo momentuan sortzen…

Puntu honetara iritsita eta gizarte amerikar, britainiar eta espainiarraz hamaika madarikazio bota ostean, egin galdera bat zuen buruari; Posible al litzateke horrelako zerbait Euskal Herrian? Eta ez du balio Irun, Hondarribi edo Barakaldoko kaniez gogoratzea! Ez ez! Gurea izan behar du! Eta zuen buruekin zintzoak bazerete garbi ikusiko duzue! Euskal Shore! Edo halako zerbait!

Imaginatu! Herriko festetan guztiok ikusi ditugun bi metroko mutil tropel musugorri bat! Ohiuka bakarrik komunikatzen dena! Emakumezkoekin harremanetan, “GUAPA!” edo “ETORRI HAI HONEA POLITT HOI” besterik esaten ez duena! Norberaren autoaren zaldi eta gurpilak munduaren zentro sinesten duena! Astakeria handiena egiten duena tribuko errege izendatzen duena!

Hamar mutil gazte, neskarik gabe etxean (ez dut uste tribu honek emakumezkorik duenik…), 25 eta 30 urte bitartean eta egiteko bakarrarekin, uda batean Euskal Herriko jai guztietan parranda botatzea. Muturrera eramandako matxismoa, oilar borrokak etengabe, auto edo motorrei buruzko eztabaida amaiezinak, apostu zentzugabeak…Buuff… pentsatzeak ere beldurra ematen dit… Espainiarrekiko auzo lotsa sentitzeari utzi eta gure lotsetan zentratuko ginateke! Ariketa osasuntsua izango litzateke! Eta zer demontre! Oso dibertigarria…

Inork erosten du ideia?

 

Barretartia webgunerako idatzitako testua.


Utzi iruzkina: