CAFeko LEEaren inguruan

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2012-12-05 20:21

Pasa den astean CAFeko langileek buruturiko manifestazioa grabatzen ibili nintzen. Prentsaurrekoa grabatu ostean korrika jo nuen Telefonikako aldapan gora mila lagunetik gorako aldarrikapena leku on batetik hartzeko. Ematen ez badu ere nahiko azkarra naiz korrika eta Ganbo izeneko muinoan zai nintzen manifa noiz iritsiko.

CAFeko manifestazioa from GITB on Vimeo.

Halako batean, ondoko portaletik hirurogeita hamar urtetik gora edo izango zituen gizon bat atera zen:

- ¿Van a arregar esta calle también? -Galdetu zidan itxaropentsu.

- No, estoy esperando a los de CAF que vienen en manifestación – Erantzun nion irriparre batez.

Berak berrogeita hamar urte pasa omen zituen CAFen lanean baina dagoeneko ez omen du ezerren berri: “Ni la tele veo ya…”. 1953an sartu omen zen “Goierriko fabrika haundin” eta majo lan egin omen zuen bertan. Nire aitonak ere han lan egin zuela aipatu nion:

- ¿Como se llama tu abuelo?”

- Se llamaba, murió. Joxe Sarriegi –Erantzun nion harro.

- Sarriegi! Fue mi maestro… Un gran hombre. Y trabajador.

Halakoa zen nire aitona bai eta harrotasunez bete ninduen bere aginduetara egondako batek halako zerbait esateak. Hamaika urte pasa zituen aitona Joxek CAFen lanean, baita bere anaia Felipek ere. Azken hau gainera, lanean gorputza ostu zion amiantoak eraman zuen.

Ez da inor Goierri osoan CAFen lan egiten edo egin duen inor familia edo lagunartean ez duenik. Nire aldetik, aitona Joxe eta osaba Feliperen ostean bi osaba sartu ziren bertan. Feliperen etxean ere bada han lana egiten duenik ere. Kodrilan berriz, hiru lagun ditut bertan eta hirurak LEEa jasango duen laugarren dibisio famatuan…

Gogoan dut oporretatik itzultzean Helsinkiko aireportuan mutil kataluindar batekin izandako elkarrizketa. Jaume zen bere izena oso oker ez banaiz eta krisiak gurean nola eragin zuen galdetu zidan. Gure eskualdeko industriaz hitz egin nion eta horren eraginez gurean oraindik hain gaizki ez geundela erantzun. CAF aipatu nion, Bartzelonako metroko bagoiak Beasainen eginak zirela, harro, begiratzeko hurrengoan. CAFek behera egiten ez zuen bitartean ondo egongo ginela ere esan nion bertan lan egiten dutenez gain makina bat enpresa txikik beraientzat lan egiten dutelako. Aste honetan komunikabideetan CAFeko gora beheren inguruan zerbait entzutean bera ere Helsinkiko aireportuan izandako elkarrizketa hartaz gogoratuko zelakoan naiz.

Garai txarrak dira bizitzen ari garenak eta okerragoak dirudite gainera aurretik ditugunak. Hala ere, gauzak gaizki doazenean geratzen zaigun bakarra duintasuna dela pentsatzen jarraitzen dut. Ez da posible Goierriko fabrika haundiarekin egiten ari direna. Ezezkorik bortitzena ematen diot enpresa eredu honi! Egia da eskualdean aberastasuna banatu duen enpresa bat izan dela, ondo bizitzeko aukera eman digula beste batzuk lanik gabe egon diren garaietan baina hori, ez da inork eginiko opari bat belaunaldi ezberdinek lan ogor egin baitute CAF dagoen lekuan jarri eta egoera hau posible egiteko. Garrantzitsuak dira bai zuzendariak, saltzaileak, ikertzaileak, ingeniariak… Baina langileen lanik gabe ez litzateke 70, 80, edo 90. hamarkadetan tren bagoirik aterako Beasaindik.

Garai txarrak dira. Ados. Merkeagoa omen da trenak Brasil edo Txinan egitea eta hala eskatzen omen du erosleak gainera kontratua aukeratzerakoan. Ez da erraza irtenbidea, ziur. Gauzak ez dira inoiz diruditena bezain sinpleak baina irtenbide hori bilatzeko orduan jarrera ezberdinak izan daitezke eta garbi dago LEE honekin enpresaren apostua nondik doan. Zer balio izango du CAFek nahiz eta goierritarra izan eskualdean lana eta aberastasuna banatzen ez badu? Zertan bilakatuko da orduan CAF gure eskualdean egotearen harrotasuna? Hori ere ez al da markaren balioa? 

Hori al da sistemak huts egin duen une honetan hartu nahi dugun bidea? Horretarako egin al zuten hainbeste lan aitona Joxe eta osaba Felipek? Hori ote zen Navasek (Horrela aurkeztu bait zitzaidan portaleko atarian ezagutu nuen gizona) fundizioan orduak eta orduak igaro zituenean? Ez ote zen beraien motibazioa egun batean beraien seme-alaba eta bilobek ere CAFen lan egin ahal izatea?

Ez da erraza konponbidea, ziur. Ez dut inor modu makurrean iraindu nahi, ezta duten ardura kontuan izan gabe kondenatu ere baina nor garen erabaki eta aurrera egiteko garaiak ere badira bizitzen ari garenak. Pentsatu dezala behar duenak bere erabakiak zenbateko garrantzia izango duen guztion etorkizunean.


Utzi iruzkina: