XABIER GANTZARAIN

so 1467378181235 SO | 2016-08-05 08:30

so 1470381882673

"Kultura ez zaio inori inporta. Hitzak hiltzen ari direla, esanahiz husten. Irudiaren munduak, mundu digitalak, hitzaren debaluatzea ekarri du. Arte Ederretan gehien baloratu nuena dena kolokan jartzeko joera hori da. Edozeren aurrean ‘zergatik?’ galdetzea. Horregatik estimatzen dut nire lekutik aterako nauen iritzi bat, nire erosotasuna puskatuko duena, eta gauzak beste era batera ikustera bultzatuko nauena" (Xabier Gantzarain)

“Kontua ez da hitzek zer esan nahi duten, nork agintzen duen baizik”. (Lewis Carroll)

Xabier Gantzarain (Azkoitia, 1975) idazle eta arte kritikaria da, eta Arte Ederretan lizentziaduna EHUn. Arte Garaikidearen Historian eta Ikusizko Kulturan masterra du Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Horretaz gain, Artelekuko Zehar aldizkariaren editorea izandakoa da, eta Lisboa min; Van Gogh, bihotzean eguzkia eta Epelde, mende baten soinua liburuen egilea da. Hainbat hedabidetako kolaboratzailea ere bada, baita Berriakoa ere.

Lisboa min

Artea bazterreko kontua dela pentsatzen du Gantzarainek, eguneroko bizitzan leku gutxi izaten duena. «Beste diziplinekin alderatuta, askoz urrunago dago. Jendeak, oro har, arte garaikideari beldurra dio, edo hasieratik baztertzen du atzeraka botatzen duelako, eta hor badago nolabaiteko urruntze bat, seguruenik normala dena». Hori da, haren ustez, euskal artista garaikide gehienek etxean izen handirik ez izateko arrazoietako bat; «hori betikoa da, baina artistekin, nire ustez, nabarmenagoa da, artista asko daude oso onak, kanpoan errekonozimendua jaso dutenak eta Euskal Herrian apenas ezagutzen ditugunak». 

Allan McCollum artista estatubatuarrak artearen sistema inor sar ez zedin hedatuta zegoela zioen. Jendeari museoetara joateko gonbidapena egiten zaio, artea ikusi eta baloratzeko eskaintza, baina aldi berean atea ixten zaio. Nola? Artea beste maila batera igoz, arrotz bihurtuz, jende arruntaren eskura ez dagoela iradokiz. Bestalde, guk ikasi genuen garaian, eskolan arteari ez zitzaion batere garrantzirik ematen. Artea selektibitate aurreko urtean ematen zen ikasgaia zen, beste ezer ez. Arte Ederretako fakultatean ere bazegoen beldur hori, artea ez ote zen burbuila bat. Horrexegatik azaltzen ziguten zer aurkituko genuen kalean.

Ez dago artea ulertzerik bere garaitik aparte. Koadro bat ulertzen da bere garaia aztertuta, autorea ezagututa, zer gertatu zen jakinda... Esaterako, kubismoa bere lehorrean esplikatuz gero zer? Ezer ez. Esplikatu behar dena da kubismoa nondik sortu den, zergatik, zeren eraginez, aurretik zer egon den... Gure mundua irudien hain menpe egonda, irudiaren azterketa sakonagoa botatzen dut faltan. Nire ustez eskolan markesinatako iragarkiak aztertu behar lirateke, formalki, baina ez formalki bakarrik. Zergatik dauka forma hori, zein da mezua, zergatik eman nahi digute mezu hori... Irudiak badauka begietatik sartu eta barruan geratzeko indar bat, eta hori publizitatea eta telebista egiten duten guztiek badakite. Hori dena txikitatik aztertuta, artea beste era batera ikusiko genuke, azken finean, arteak bere garaiko gizarteari erantzun baizik ez baitio egiten.

Iñaki Segurolak oso ondo esplikatzen du liburuak idazlearen izenik gabe argitaratuko bagenitu kritikak oso desberdinak izango liratekeela. Ez badakigu liburu hori punta-puntako idazle kontsakratu batena dela nola egiten dugu kritika? Baina badakigu liburua norena den eta aurretik daukagun informazio guztiak baldintzatzen du gure irakurketa onerako zein txarrerako. Artean gauza bera. Gaur egun, inork ez du esango Picasso bat txarra denik. Hala ere, ona eta txarraren kontua, oso terreno tranpatia da. Zer gertatzen da faltsuarekin? Zergatik da faltsua txarra originalaren berdin-berdina bada? Faltsua delako. Irizpidea ez da koadroari buruzkoa, lehenagotik datorren beste zerbait da. Bost kritikarik esaten badute erakusketa bat ondo dagoela, sariak ematen badizkiote, nahita nahiez beste predisposizio batekin joaten zara hori ikustera.

Dirua daukanarentzat, artea inbertsio bat izateaz gain, prestigio sozialaren ate bat da. Historian zehar, erregeek, aristokraziak eta elizak horretarakoxe erabili dute

Artea eta kultura turismorako beste amu batzuk bihurtu dira, eta erakundeek zerbait egiten dutela justifikatu behar dutenez... Bilboko Guggenheim eraiki zenean kulturalki inportantea izango zela esan ziguten, baina batez ere, ekonomikoki. Hortik aurrera, Bilbok arte modernoko museo bat baldin bazeukan, Gasteiz ezin zen gutxiago izan eta Artium behar zuen, Iruñeak Huarteko museoa, eta Donostiak Tabakalera. Praktikan Tabakalera ezberdina izan daiteke, baina politikarien asmoetan denak berdinak dira, turismoa erakartzeko eta kulturan inbertitzen dela esateko proiektuak. Hori bai, gero kultura ez zaio inori inporta.

Gure artistek asko landu dute euskaldunon gatazkak, ohiturak, gizarteak eta paisaiak azken hamarkadetan izandako aldaketak. Izan ere, artistak, beste guztiok bezala, beren garai historikoari lotuta daude. «Arlo guztietan gertatzen da hori, literaturan berdina gertatzen da, musikan ere bai, baita jantzietan ere, denok gara gure garaiaren seme-alabak, eta egiten ditugun gauza guztiak daude lotuta bizi garen munduarekin. Batzuetan nabarmenago ikusten da, besteetan ezkutuago dago». Bere ikerlanean topatu du lan askotan hori zentrala dela, artistak bizi diren momentua hartu eta aztertzen dutela hainbat ikuspegitatik. 

Inportantea izan zen ETAk borroka armatua utzi zuela esateko Gara egunkariak atera zuen azala, non erdia edo, Zumetaren Gernika lanak hartzen zuen. Noski, momentu hartan inportanteena ez zen zer portada atera zuten esatea, baizik eta albistea. Baina denborarekin konturatu nintzen eta, gainera, ikusita inork ez zuela ezer aipatzen, nola hartu dugun, gauza normal-normala bezala, azalean koadro bat agertzea, eta zein eta Zumetaren Gernika, horrek dakartzan irakurketa eta konnotazio guztiekin. Picassoren Gernika ere hor dugu, baina ez, guk Zumetarena aukeratu dugu. Zergatik?