MIKEL PERUARENA ANSA / IDAZLEA

so 1467378181235 SO | 2016-10-21 08:16

so 1477031526634

Mikel Peruarena Ansa deitzen den idazlea 1978. urtean Ereñotzun sortu da.  Agiri ofizialek Donostian jaio zela eta Hernaniarra dela dioten arren. Kazetaritza ikasketak bukatu gabe utzi zituen baina bide horrekin kontraesanean aplikazio informatikoen garapenerako teknikari ikasketak egin ditu geroztik. Han-hemenka aritu da lanean, kazetaritzan gehienbat (bizitzaren ironiak), eta irratian bereziki, bere burua kazetaritzat aurkezteko gogorik ez duen arren, “kazetari lagun asko dizkiat eta lagun kazetariak ere bai, ez al zidatek gaizki hartuko, estimatzen diat, oro har, haien lana, baina ez diat estimatzen, modu konkretuen, gaurko kazetari-lana”. Aresti eta Artzeren latigoaren eraginpean hasi zen poesia (“poesia-edo”, dio berak) idazten. 
Administrazioak dio kultur industria sustatu behar dela.
"Eta ongi dago, sortzaileek behar dute azpiegitura bat eta industria bat, beren lanak zabaltzeko. Baina errealitate paradoxiko bat dago horren atzean: kulturaren pentzura bizi diren soldatapeko langile asko daude (programatzaileak, managerrak, editoreak, zuzentzaileak, liburu saltzaileak, kultur teknikariak, liburu banatzaileak...eta abar), eta beren sormenetik bizitzeko aukera duten oso sortzaile gutxi. Begira, liburu fisiko bat erosten duzunean, ordaintzen duzunaren %10 ematen diozu idazleari; gainerako guztia liburuaren industria sostengatzeko pagatzen duzu. Eta CDekin, gauza bera. Autoedizioaren bidea dago, baina horrek zabalpena mugatzera eramaten zaitu gehienetan. Seguru asko ezin du bestela izan, baina ondorioa paradoxikoa da: sortzaileei esker bizi da industria, baina ez alderantziz. Hau diot, onartuz, berriro, sortzaileak behar duela industria hori, e! Eta administrazioari, ez instituzio jakin bati, denei orokorrean, ez diet asmo handirik ikusten hori aldatzeko. Urtean behineko sari batzuekin ezin dira zulo horiek tapatu. Gogoeta askozaz ere sakonago bat beharko genuke. Eta beste kontu bat ere badago, bukatzeko. Hizkuntza gutxitu eta bazterreko bat gara. Gure atari berean bizi den jendeak ere ignoratzen gaitu. Tara eta ezin asko sortzen dizkigu horrek, kontziente izan beharko genuke, eta ez genituzke imitatu behar inguruko literatur sistemak. Normalizazioa, gure kasuan, ez da Frantziaren igualak izatea: milaka irakurle potentzial batzuk baino ez dauzkagu, ez milioiak! Ezin dugu merkatua, industria eta horrelako kontzeptuekin itsutu, merkatuaren, kontsumismoaren eta konkurrentziaren logikak gurea bezalako bazterreko hizkuntzak irenstera jotzen dutelako." in Hegats / 53 / 12. orr