ZOAZ OSTRAZISMORA...EDO PETALISMORA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2016-02-01 18:57

ARGIA, 2015eko apirilaren 05a
    
Aristides, Lisimakoren semea, erbestera bidaltzeko erabilitako bozka. Aristides “Zuzena” K.a. 482an bidali zuten ostrazismora, nekazarien aldeko eta itsas flotaren aurkako gatazka sozialetan parte hartzeagatik, baina hamar urteko zigorra bete baino lehen itzultzeko aukera eman zioten.Keramikos Museum

Atenas, K.a. 510. Klistenesek ostrazismoaren legea sortu zuen, arriskutsutzat jotzen zituzten politikariak erbesteratzeko, indarrean urte batzuk geroago jarri zen arren, K.a. 487an. Greziar demokrazia ahuldu zezaketen balizko intrigak eta azpi-jokoak saihesteko prebentzio neurria zen jatorriz.

Atenasko hiritarrak urtero biltzen ziren ordezkari politikoren bat hiritik egotzi behar zuten ala ez erabakitzeko. Gehiengo absolutuz onartzen bazen, kanporatuak hamar egun zeuzkan ekipajea egin eta Atenasetik alde egiteko. Hiritarra izateagatik zeuzkan eskubideak ez zituen galtzen –hiria zapaltzeko eskubidea salbu– eta hamar urteko erbestealdiaren ondoren itzultzeko aukera zeukan.

Lehen kondenatua Hiparko izan zen, eta azkena Hiperbolo, K.a. 417an. Tartean Megakles V.a, Jantipo –Periklesen aita– eta Aristides erbesteratu zituzten, besteak beste. Beraz, ostrazismoak mendea ere ez zuen bete. Izan ere, demokrazia defendatzeko xedez sortu zutena kontrako arrisku bihurtu zen. Aurkari politiko deserosoak uxatzeko edo, besterik gabe, pagaburuak topatzeko bide erraz gisa erabiltzen hasi ziren.

Praktikak ez zuen iraun, baina kontzeptua guganaino iritsi da. Hiztegiaren arabera, ostrazismo hitzak “pertsona desatseginak bazter uztea” esan nahi du. Hitza antzinako grekozko ostrakonetik dator. Idazteko erabiltzen zituzten maskor edo zeramikazko zatiak ziren ostrakak. Pitxarrak hausten zirenean, zatiak ohar eta datuak idazteko edo idazketa praktikatu ahal izateko birziklatzeko ohitura ona zuten. Eta hiritik kanporatu nahi zituztenen izenak idazteko ere ostrakak erabiltzen zituzten.

Baina kontzeptua petalismoa izan zitekeen berdin. Beste greziar hiri batzuetan, Peloponeson bertan nahiz penintsulatik kanpo, zuhaitzen hostoetan –grekoz petalon– idazten zuten epaituaren izena. Sirakusan, esaterako, olibondo hostoak erabiltzen zituzten. Bozaren euskarria ez zein hain gogorra, eta zigorra ere ez: erbestealdia bost urtekoa izan ohi zen Siziliako hiri horretan. Ostraketan idaztea zailagoa zen; ikerketa arkeologikoek frogatu dute ostraka asko esku gutxik idatzita daudela, gaur bezala, boto txartelak aurrez “inprimatuta” izaten zituztela, alegia.

Gainean idaztea errazagoa izanagatik, hostoak galkorragoak dira, eta horregatik petalismoaren arrasto fisikorik ez zaigu iritsi. Eta hitzak berak ez du ostrazismoaren indarrik. Egia esan, norbait petalismora bidaltzeak kutsu positiboa du ia.


Utzi iruzkina: