UTZIKO DU

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-11-12 23:07

BERRIA, 2014-11-12 / Angel Erro

Hala iragarri du. Utziko duela. Ez duela jendeak, gogaiturik, bizkarra ematea nahi. Arrakasta handiak lortu dituenaren baretasunarekin eta, zergatik ez, handiustearekin bota du. Goi-goian utzi nahi du.

Quentin Tarantinok iragarri du hamar film egindakoan (zortzigarrena hastear da), utziko duela, ez duela gehiago zuzenduko. Yolanda Barcinak, mutatis mutandis, gauza bera eginen du. Azken honek, berriz, eskuzabalago jokatu du, bere burua eskaini baitu hautesleen zerrendan, alderdiak nahi duen postuan (berak bigarrena iradoki du), joateko. Zerrendak osatzen dituen batzordea Barcinak berak zuzendu eta kontrolatzeak ez dio eskaintzari balioa kentzen. Aukeratutakoak bere burua kopilotutzat eskainitako presidente ohia onartu beharko du, garai batean Juan Cruz Alli eta Miguel Sanz, edo Miguel Sanz eta Yolanda Barcina bera, bezain ongi moldatuko den tandem hautsezina osatuz, eta, horrez gain, alderdi sozialista liluratu.

Tarantinoren Pulp Fiction filmeko solasaldi eder bezain profetikoetako batean Samuel L. Jacksonek galdera egiten du: «Yolanda? How we doin, baby?». Honek erantzun: «I gotta go pee! I want to go home». Baina eutsi eta Nafarroa eternalaren alde sakrifikatzen da berriro ere Yolanda.


Utzi iruzkina: