POST TENEBRAS SPERO LUCEM

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2016-04-01 22:08

BERRIA, 2016-03-24 

Patxi Zubizarreta - Idazlea

Hirudia atal honetako literatur kontutxoak are gehiago erlatibizatzera etorri zaizkigun azken gertakari lazgarriak gogoan, zirrara gorputzean, begirada leihoaren bestaldera jaso behar izan duzu. Ustekabean, Bruselako kale hustuen isiltasunaren oihartzunak haur denborako aste santuak ekarri dizkizu gogora, orduan ere gizartea in tenebris geratzen baitzen, gehienez ere Bibliako epopeien filmek eta musika klasikorik ilunenak lagunduak. Eta pentsatu duzu bitxia dela, urteen poderioz, ideologiak nola hondoratu eta birrindu diren eta, aldiz, erlijioak nola indartu eta nagusiagotu diren. Eta bitxia da, zinez, izan ere Darwinek ezin argiago ziurtatu baitzuen jainkoen heriotza; gero Nietzschek ezarri zuen eskela; eta Wittgenstein filosofoak, akaberan, ohartarazi zigun —eta, gaindooosi baten ondotik, kasik euskal idazle guztiok agindutzat hartu— ez dagoela hitz egiterik gehien axola duenaz. Eta hona gu, oi, berriro ere, bidean galduta eta isiltasunera kondenatuta.

Antzeko isiltasuna ezagutu zuen Yuri Gagarinek espazioan barrena, eta handik itzulitakoan Nikita Kruschev komunisten buruarekin elkartu zelarik, astronautak aho ttikiarekin aitortu zion kristautasunak arrazoi zuela, eta zeruan Jainkoa ez ezik aingeruak ere ikusi zituela. Orduan, Kruschevek: «Badakit, badakit, baina horretaz hitz erditxorik ere ez inori». Astebetearen buruan, Gagarin Aita Santuarekin Vaticanon elkartu, eta adierazi zion zeruan ez zuela ez Jainkoaren ez aingeruen aztarrenik ikusi. Eta orduan, Aita Santuak: «Badakit, badakit, baina horretaz hitz erditxorik ere ez inori».

Zirtolaria, ona, maleziatsua iruditu zitzaizun Slavoj Zizek filosofo esloveniarrari irakurritako txistea —«Nire txisteak, nire filosofia»—, baina kontrakoa iritzi diezu Gasteizko gotzain berria izendatzeko katedral berri ez oso gogokoan —frankismoaren aztarna amaitugabea— egin berri diren elizkizun arranditsuei, estetikoki ezinago antigoalekoei. Eta are txiste txarragoa iruditu zaizu Eliza espainiarrak —gotzain berriaren esanetan, pobreekin bat egin behar duen horrexek— errentaren aitorpenetik jasotako dirutzatik 13TV kate ultraeskuindarrari gehiago eskaintzea Caritasi baino.

Hala bada, ez da harritzekoa erlijioak arbuiatzea, erlijioaren bitarteko ideologia kritikatzea, erlijio gizonen —bai, gizonen, bestorduko eta egungoen— izugarrikeriak gaitzestea; baina penagarria ere bada literatura erlijiosoa besterik gabe baztertzea, Frantzisko Laphitz —sekula ez zara aspertzen haren Bi saindu heskualdunen bizia gomendatzeaz—, Salbatore Mitxelena, Iratzeder, Orixe, Bitoriano Gandiaga... edota Duvoisinen itzulpenak bezalakoak harrika botatzea; nolabait ere Xabier Letek, Artzek, edo agian hobeki Joan Mari Irigoienek, Ibn Arabiren ildotik (Murtzia, 1165-1241), bestelako espiritualitatea aldarrikatzen dutenean: «Aldi batez, kanporatu egin izan nuen erlijiokide ez nuen edonor. Orain, baina, nire bihotzak formak oro biltzen ditu: gazelen larrea da, eta fraide kristauen klaustroa, idoloen tenplu eta erromesen Kaaba, Legearen harlauzak eta Koranaren paper orri. Ezen Maitasunaren erlijioa baita nirea, eta zamaria nora, hara noa ni, Maitasuna baitut kredo eta sinesbide».

Hunkiturik, azken gertakari odoltsuek —Siriakoek zein Bruselakoek— benetan izaki babesgabe eta ahulak garela pentsarazten dizute, baina oroitzen duzu, pentsalarien esanetan, sinbolikoki berreraiki beharrean gaudela eta, geure alderdi magikoari begiratzen dion artearekin batera, inoiz baino gehiago laikotasuna eta arrazoinamendu berri bat behar dugula aurrera egingo badugu. Beren baitara, beren interesetara bildutako erlijioen gainetik, bestelako erlijiotasuna aldarrikatzen dute gaur egungo teologoek, esperientzia erlijiosoa bideratzeko beste hizkuntza bat, beste hasiera bat. Willigis Jagerren hitzak berritze aldera: «Nago giza espeziearen bilakaera azeleratu baten hastapenetan gaudela, baina ezin dugula igarri nora garamatzan». Eta hain sakabanatua dugun kontzientzia unean unekoan kontzentratzea gomendatzen du, isiltasunean egotea, geldi egonean, denbora galdu alde... gaineratuko luke seguruenik Bitoriano Gandiagak (mistizismo hitza grekerazko myein-etik dator, eta isilik egotea esan nahi du). Eta leihotik begira, aurtengo lehen enarak ikusi dituzu leihoaren bestaldean, udaberriaren iragarle, eta Atxagaren Post tenebras spero lucem ipuina ekarri dizute gogora; eta behingoz mahaira eseririk, oraindik dardarka, arestiko gogoeta nahasgarri eta zaurgarriok idazteari ekin diozu.


Utzi iruzkina: