PIRROREN GARAIPEN GARESTIA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2009-05-22 18:00

Nagore Irazustabarrena, ARGIA, 2009-02-08 -- 2171.zenb

argazkia

Epiro (Grezia), K.a. 318. Pirro jaio zen, gerora –K.a. 307tik 302ra eta 279tik 272ra– Epiroko errege izan zena. Garai hartako militarrik gailenetakoa izan zen eta, beraz, Erromatar Errepublikaren etsai nagusietakoa. Bere erresuma zabaltzeko grinak, besteak beste, Mazedonia eta Tesalia konkistatzera bultzatu zuen, baita hainbat herri greziarrekin bat egitera ere.

K.a. 281. urtean Tarento hiria erromatarren aurkako gerran zegoen eta epiroarrei laguntza eskatu zien. Pirrok erromatarren aurkako bi gatazka gogor burutu zituen hurrengo bi urteetan. Lehena, Herakleakoa, Lukaniako probintzia erromatarrean. Pirroren armada 20.000 soldaduk, 3.000 zaldizkok eta 26 elefantek osatzen zuten. Parean, Laverio Laevinok 35.000 soldadu erromatarreko armada zuen epiroarrei aurre egiteko. Gudua Pirrok irabazi zuen, baina erromatarrek baino galera larriagoak izanda: 35.000 erromatarretik 15.000 hil ziren; Pirrok aldiz bere soldaduen erdia baino gehiago galdu zituen, 13.000 hain zuzen. Asculumeko gatazkan (Apulia probintzian) ere Pirro nagusitu zen, baina galerak, berriro ere, oso handiak izan ziren “garailearentzat”.

Batzuek diote “garaipen pirrikoa” esamoldeak Herakleako gudua duela jatorri, beste batzuek, aldiz, Asculumeko guduagatik sortu zela. Argi dagoena da Pirroren garaipen gogorren ondorio dela, eta egun galtzailearentzat baino garailearentzat kalte handiagoa dakarren garaipenak izendatzeko erabiltzen da. Pirrok berak, jasandako kalteez jabetuta, zera bota omen zuen: “Halako beste garaipen bat eta gureak egin du”.

Handik aurrera, Epiro buru zuen mendebaldeko erresuma greziar boteretsua sortzen saiatu zen. Baina. orduko hartan, erromatarrek mendean hartu zuten eta beraren asmoak porrot egin zuen. Espartaren aurkako gerra ere galdu egin zuen eta Argosera ihes egin behar izan zuen. Han zela, K.a. 272. urtean, teila batek buruan jota hil zen urte gutxi batzuk lehenago Erroma ahalguztiduna birritan mendean hartu zuen hura.


Utzi iruzkina: