KATARSIA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-05-30 19:15

 

BERRIA, 2014-05-29 / Angel Erro

Greziar literaturarekin ikasi genuen hitza. Katarsia: beldurrak edo errukiak eragindako gorputz eta arimaren purifikazioa da, tragedietan ikusleek sentitzen dutena, beren sentimenduak sufritzen ari den heroiarengan proiektatzen dituztelako eta proiektatzean haietaz garbituta ateratzen dira. Kalean edozeinek erabiltzen du. Patxi Lopezek PSE-EEren lidergoa utzi du, esaterako, «katarsia eragiteko», nahiz eta inork ez duen sinesten alderdiaren porrota sublimatzeko bere burua biktima ordaintzailetzat eskaini duenik, tragedia batean legokiokeen moduan, baizik eta, vaudeville batean bezala, ate batetik irten eta beste ate batetik, izeba aberatsez edo lider eraberritzailez mozorrotuta, berriro sartzeko eszenara.

Alderdi sozialistaren beste lider (sic) batek ere kargua utzi du, Roberto Jimenezek. Horrek ez du katarsi hitza erabili. Ezinen luke. Halere, iragarpena nola egin duen, Madrilgo zuzendaritzari martxoan Barcinaren kontrako zentsura mozioa debekatzearen hutsaltasuna (Espainia mailan) eta hondamena (Nafarroan) aurpegiratuz, Estatuaren Arrazoiaren determinismoak edo (grezieraz nahiago duenarentzat) anankeak lotuta ezin bestela eginez, barkatu horrela duintzen badut, baina pertsonaia tragikoagoa egin zait.

 


Utzi iruzkina: