ILERIK? EZ, ESKERRIK ASKO

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2008-06-20 21:09

Nagore Irazustabarrena  (ARGIA, 2008-VI-22)

Depilazioa K.a. IV. mendetik aurrera

Erroma, K.o. II. mendea. Adriano enperadore izendatu zutenetik inperioko moda aldatu egin zen: gizonezkoengan, joera berria bizarra izatea zen. Baina horren aurretik erromatarrek bizarra moztu ohi zuten. Eta ez ziren aurpegiko nahiz gorputz osoko ileak kentzen lehenak izan.

Gizakiak, ebakitzeko tresnak asmatu zituztenetik, ileak mozten edo kentzen hasi ziren. Esaterako, Danimarkan K.a. 1500-1200 urteen inguruko kobrezko labana aurkitu dute: irudi mitologikoak dauzka grabatuta, eta ilea mozteko erabiltzen zutela uste dute adituek.

Hori baino lehen, K.a. 3000. urtetik aurrera, gutxi gorabehera, antzinako Egiptoko apaizek buruko ile guztiak kentzen zituzten sistematikoki. Gero, Alexander Handiak aurpegia eta burua ilez garbi izateko ohitura zabaldu zuen bere agindupeko soldaduen artean. Arrazoia ez zen ez estetikoa, ezta errituala ere, praktikoa baizik: ile guztiak moztuta, gatazkan, etsaiek ez zuten Alexanderren soldaduei ileetatik tiratzeko aukerarik izango. K. a. IV. mende inguruan izan zen hori.

Ordurako, Indian hasiak ziren depilazio kontuetan. Gizonezkoen artean, bizarra eta buruko ilea erabat moztea zen ohitura. Gainera, metrosexual hitza agertu baino 25 mende lehenago, bularreko eta pubiseko ileak ere depilatzen zituzten. Indiar emakumeek buruko ilea luzatzen uzten zuten, baina hanketakoak depilatu ohi zituzten.

Antzinako Erroman, Adrianok ile-zaletasuna ezarri baino lehen, gizonezkoak bizarra moztuta ibili ohi ziren. Lehen bizartegiek K.a. II. mendean zabaldu zituzten ateak, Siziliako bizargin trebeenak inperioaren hiriburura iritsi zirenean. Garai hartako ohiturari jarraiki, gizonezkoek 21 urte betetzen zituztenean mozten zuten bizarra lehenengo aldiz, eta festa berezia antolatzen zuten horren karietara. Emakumezkoek, aldiz, bekaineko ileak pintzaz kendu ohi zituzten, eta landare pozoitsuak erabiltzen zituzten depilatzeko krema moduan.

Euskal Herrian ere ilea kendu eta kendu ibili ziren luzaroan. XV. eta XVI. mendeetan, emakume ezkongabeek burua soilduta eraman ohi zuten, burukoari eusteko luzatzen uzten zituzten ile-xerlo batzuk salbu.

Ileen aurkako borroka mingarria inoiz baino biziagoa denean, aspaldiko kontua dela jakiteak kontsolatuko al gaitu?


Utzi iruzkina: