ARIMA EDERRA (I)

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-11-10 11:02

BERRIA, 2014-11-08

Angel Erro

Hemengo aldian predikamendutxoa duen pentsalari (hala deitzen zaie orain filosofoei eta enparauei) batek, ahotik joaten ez zaion kalifikatzailea erabiliz, arima eder deitu zien aurrekoan Gasteizeko alkatearen jarrera arrazisten aurkako manifestua sinatu zutenei, gaizki ulertu ez badut, filosofoak gaitzak baitira ulertzen, batez ere pentsalariak direnean. Baina pentsamenduaren uharte urrunetik ekintzaren putzura joz gero, zerbait egin behar da Maroto burutzen ari den (jatorri ezberdinen arteko elkarbizitza ideala ez bada) dei-egiozu-X-ren aurkako joko arriskutsua gelditzeko.

Etorkinen kontrako jarrerak ez ditu alkateak asmatu baina orain babestuta senti daitezke krisi betean egoera lazgarriaren errua (sistemari ezikusia edo ezkulpatua eginez) etorkinei botatzen dietenak; datuetan oinarritu gabe, modu orokortzailean eta zapaltzailean bota ere: izan gizarte etxe bateko ilaran dauden gizabanako batzuk garrasika kikilduz, izan zerbitzu publiko baten erabilera motu proprio galaraziz. Hala egin du hiriko autobus baten gidariak. Orain alkatearen ereduari jarraikiz sinadurak biltzen hasi da burkaz jantzitakoek ezin izan dezaten garraio publikoa erabil.

Sinatzeko orduan, daitort, arima ederra naiz ni ere.


Utzi iruzkina: