Dina Bidaia Beka

nairobitarzaleak 1456151749136 Nairobitarra | 2007-09-24 13:41

Dina Bilbaoren omenez

Dina Bidaia Beka (http://dinabb.blogspot.com/)
Gazteak behar zuten izan. Baliabide gutxi eta ilusioa gainezka daukaten asko dagoelako. 16-18 urte bitartekoek izan zuten ditxa. Bostetik zazpira bitarteko lagun koadrilentzat zen deia, Nairo Txikik laguntzailea eta gidariaz batera ametitzen duena. Eta poltsikoan 3.000 euro zituztela irudikatuta, hamar eguneko bidaia antolatu behar zuten.

URTU BAINO LEHEN proiektuak jaso zuen Bidaia Beka. Ibarra eta Belauntzako koadrila: Ibai Sarasola, Lierni Etxeberria, Aitziber Cid, Naiara Aseginolaza, Ilazki Aldunberri, Eider Saragueta, Ander Camarero eta Nerea Arregi.

URTU BAINO LEHEN

Nahiz eta beste belaunaldi batekoak izan ez zitzaigun arrotz Dina Bilbaoren izena, etxean entzun izan ditugu Dinak munduan zehar ibilitakoen berri. Josu Iztuetaren izena ere ez zitzaigun ezezagun egiten, alderantziz, maiz entzunak genituen berak eta Angel Ortizek abian jarritako Nairobitarrari buruzkoak. Bere bizi filosofia eta bidaiatzeko era ezagutzeko aukera ez genuen galdu nahi eta prentsan beka deialdi honen berri izan genuenean ez genuen zalantza izpirik izan bertan parte hartzeko. 
Era honetara hasi ginen proiektu hau burutzeko lanetan. Eta lanari hasiera ematearekin batera, Dina Bilbaoren inguruan genuen ezagutza zabaltzen joan zen eta horrela jakin genuen bere bidaien eta bere izaeraren berri: euskaltzale amorratua, kiroletan lehiatzen lehen emakumeetakoa, etab. 

Ez zen erraza izan bidaiari zentzua emango zion gai bat bilatzea, baina azkenean “Urtu Baino Lehen” bidaiaren hazia izan zen ideia etorri zitzaigun burura eta ideia horretan oinarrituz lanari ekin genion. Txikitan ikusten genituen Heidi-ren marrazki bizidunak gogoan, bere herrialdea bisitatuz gaur egun pil-pilean dabilen aldaketa klimatikoak Alpeetako glaziarretan duen eragina lehen pertsonan ikustea genuen helburu.

Bagenekien zaila izango zela gure proiektua hautatua izatea, eta ez genuen espero zortedunak gu izatea. Alpeetara joango ginela eta Josurekin bidaiatzeko aukera ez zela ametsa, baizik eta errealitate bihurtu zela jakitean sinetsi ezinik geratu ginen.


2007ko irailaren 14an abiatu ginen Tolosatik, Josuren “furgonetan”. Nairobitarra-txiki ere dei geniezaioke, bai bere tamainagatik eta bai bisitatu dituen bazter guztiengatik ere. Laster ikasi genuen furgoneta hura puzzle bat bezalakoa zela, gauza bakoitzak bere tokia duela. Eserlekuak etzanez, ezkutatutako tablak atereaz etab. denetik egin daiteke bertan. Errepidean ere makina bat ordu igaro genituen, batzuk atzean, gehienetan musean jokatzen eta beste bi aurrean, Josurekin solasean, munduan zehar hainbeste esperientzia bizi izan duen filosofoari entzunaz.

Alpeetan azken mendean glaziarrek jasan duten atzerapenaren lekuko izan ginen. Hainbat glaziar eta leku paregabe ikusteko abagunea izan genuen, horien artean: Aletsch glaziarra (Alpeetako luzeena), Zermatt eta Cervino, Mer de Glace glaziarra, Anniviers harana, etab... Honetaz gain bertako glaziologo batekin eguna pasatzeko aukera izan genuen. Horrela aditu baten ahotik entzun genuen izotzezko erreka hauen egoera eta gaiarekiko duten ikuspuntua.

Hainbat gauza ikasi genituen, baina lehenagotik genekien zerbait ziurtatzeko aukera izan genuen: komunikabideek saltzen digutena ez dator errealitatearekin bat. Azkenaldian ezbehar oro aldaketa klimatikoaren erru dela sinistarazten digute komunikabideek, eta aldaketa klimatikoaren errudun bakarrak gizakiok garela. Alde batetik, egiten ari garen guztiak ezin dio onik egin Amalurrari, baina ezin dugu ahaztu klimak ere bere zikloak dituela eta bertako adituek esan zigutenez honek eragin zuzena izan dezake glaziarrak jasaten ari diren txikitze prozesuarekin.

Zortedun sentitzen gara Josurekin bidaiatu izanagatik, Alpeak bisitatzeaz gain bizitza beste filosofia batekin hartzeko aukera dagoela erakutsi baitigu. Eskerrak eman nahi genizkioke bai Josuri eta bai gure amets hau egi bihurtzea posible egin duten guztiei eta Dinaren memoria berreskuratuz horrelako ekimenak antolatzen jarraitzera animatzen ditugu.


Utzi iruzkina: