MINTZA-TOXTX 2017

mintzalaguna_hondarribia 1456151592936 Mintzalaguna Hondarribia | 2017-03-24 11:53
2

mintzalaguna_hondarribia 1490352853363

Aurten bosgarrenez,  Iruñerriko eta Izarbeibarko Mintzakideak eta  Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Solaslagunek  martxoaren 11rako jarri zuten zita Lesakako Linddurrenborda Sagardotegian lagun giroan, euskara praktikatzeko eta egun alai bat elkarrekin igarotzeko. Zitarako gonbita jaso zuten Hondarribiako Mintzalaguneko kideek, eta Iruneko mintzalagunekin batera bat egin genuen Lesakan Nafarrekin.

62 lagun bildu ginen sagardo kupelen bueltan, eta giro ezin hobean euskaraz hitz egin, harreman berriak sortu eta kantuan aritzeko aukera paregabea izan genuen. Maiatzean Zurukuaingo Aroa ardandegian berriz elkartzeko asmoarekin elkar agurtu ginen eta Ekainaren 3an Derion ospatuko den Mintzaegunean ere izango dugu berriz elkartzeko aukera.

1993an jarri zituen martxan, Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak, lehen mintzalagun taldeak. Ordutik, milaka izan dira euskaraz bizi eta aritzeko hautua egin duten euskaldunak, eta gaur egun 6.000 lagun inguruk hartzen dute parte 1.100 bat taldeetan banaturik Euskal Herri osoan hedatutako Mintzapraktika egitasmoetan.

Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituzte mintzapraktika  egitasmoek. 85 herri eta eskualdetan daude martxan.


Utzi iruzkina: