Gizarte eragileek ere maiatzaren 15eko manifestaziora joateko deialdia egin dute

Eragileekin agerraldia 10-05-07-weberako

Hainbat gizarte eragileetako ordezkariek agerraldia egin dute Kontseiluarekin batera, ‘Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea’ lelopean egingo den manifestaziorako deialdia egiteko. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatutako manifestazioa, maiatzaren 15ean egingo da, eta arratsaldeko 18: 00etan abiatuko da Golem zinemetatik. Joan den astean norbanakoekin egindako agerraldiaren ondoren, atxikimendu gehiago jaso ditu Kontseiluak. Jadanik 3.000 atxikimendu jaso dira blog honen bitartez.

 

ELAk, LABek, ESK-k, Hiruk, STEE-EILASek, EHNEk, gazte mugimenduak, Iruñeko Gazte Asanbladak, Iruñerriko AHT gelditu elkarlanak, Lokarrik, Gora Iruñeak, Askapenak, Sasoiak, Bilgune feministak, Sos Arrazakeriak, Euskal Dantzarien Biltzarrak, Zulo alai elkarteak eta hainbat peñek egin dute deialdia.

 

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, manifestazioa gero eta atxikimendu gehiago jasotzen ari dela azaldu du. “Joan den astean, norbanakoekin egin genuen agerraldian 1.600 atxikimendu bildu genituela aipatu genuen. Astebete beranduago, kopurua ia bikoiztu egin da. 3.000 lagun inguruk egin dute bat Kontseiluak luzatutako deialdiarekin, ekimenerako sortutako blogaren bitartez”, azaldu du Bilbaok.

 

Herri desberdinetan ere, manifestaziorako deialdia lantzen ari dira eta baita ekimen desberdinak egiten ere. Honek, Bilbaoren hitzetan “egoerarekiko kezka zabala dela adierazten du eta baita hori gainditzeko nahia ere. Joan den astean esan genuena berretsi beharra dut aste honetan ere: gizartearen gehiengo zabal baten nahia Nafarroan euskaraz bizitzea dela”, adierazi du.

 

Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, “beharrezkoa da bakoitzak bere arloan ere euskararen normalizazioari begira urratsak ematea. Jakin badakigu euskararen egoera zein den Nafarroan. Nafarroako gobernuak euskararen aurka daraman politikaren ondorioz, desagerrarazi egin nahi du euskara, baina euskal gizartearen gehiengoak ez du horrekin bat egiten eta normalizaziorantz pausoak emateko prest dago. Hori irudikatzen ari gara egun hauetan eta hori irudikatuko dugu hilaren 15ean egingo dugun manifestazioan”, Bilbaoren hitzetan.

 

Gizarte mugimenduko ordezkariek ere, euren atxikimendua azaldu dute prentsaurrekoan Itziar Urra Bilgune feministako kideak irakurritako testu baten bitartez:

 

Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu hemen bildu garen gizarte eragileetako kideok. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak egindako deialdiari atxikimendua adierazi nahi diogu, batetik eta maiatzaren 15ean egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdia egin nahi dugu, bestetik.

 

Gizarteko esparru desberdinetan lan egiten dugun lagunak bildu gara gaur hemen: sindikalgintza arlokoak, eskubideen arlokoak, peñetakoak, gizarte eredu berri baten alde lan egiten dugunak, gazte mugimendukoak, mugimendu feministakoak, euskal kulturaren arlokoak… Gure eguneroko lanak, eskubideak aldarrikatzea, gizarte hobeagoa bultzatzea eta abar ditu ezaugarri. Eta horrek neurri batean biltzen gaitu. Baina, badugu beste ezaugarri komun bat, guztiok batzen gaituena: euskara.

 

Euskara da Euskal Herriko eta hortaz Nafarroako berezko hizkuntza. Euskarak batzen gaitu. Gaur egun, Kontseiluak azaldu duen moduan ezinezkoa da euskaraz bizitzea. Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikak hori oztopatu egiten du etengabe.

 

Gure eguneroko jarduna euskaraz egin nahi dugu, euskaraz egiteko eskubidea daukagulako. Horregatik, hizkuntza-politika berri eta eragingarriago baten beharra aldarrikatu nahi dugu. Gertatzen ari diren eraso larrien aurrean ez dugu geldik egoteko asmorik.

 

Guk ere, erasoek ez gaituztela isilduko esan nahi dugu ozen, euskararen kontrako diru-murrizketak, erasoak, injustiziak, babes ezak eta gainerakoen aurrean euskal komunitate osoa agertzea funtsezkoa dela uste dugu. Indar erakustaldi handi bat egiteko une dela uste dugu. Baina ez hori bakarrik, gutariko bakoitzak badugula zer egin ere agertu nahi dugu.

 

Hortaz, hilaren 15ean Kontseiluak deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi diogu jendarteari. Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea leloa izango duen manifestazioak euskararen alde dauden eta euskararen normalizazioa desiratzen duten guztion manifestazioa izatea lortu behar dugu.


Utzi iruzkina: