LABek "etsigarri" deritzo zuzendaritzarekin izandako bilerari

labmetrobilbao 1456150638937 LAB Metro Bilbao | 2012-02-13 00:00

Goizean bilera egin dute Metro Bilbaoren zuzendaritzak eta Greba-batzordeak, bilera "etsigarria", LABeko atal sindikalaren iritziz.

Etsigarria bai formetan bai edukian.  Tentsio handiko bilera izan da, eta argi geratu da Txema Oleagak orain arte erakutsitako gertutasuna eta atsegintasuna ez direla errealak, berak dioena zalantzan jarriz gero itzaltzen direla.

Edukiari dagokionez, 6 hilabete atzera egin da, Iñaki Pregok bere garaian eta, gerora, Patxi Lopez lehendakariak berak arazoa auzitara bideratzeko eskaini zigutenekora. Hori ez da eskaintza bat, gure iritziz, mehatxua baizik, zuzendaritzak ez baitu negoziatu eta akordiorik lortu nahi, eta nahiago baitu "gaia saihestu" eta hirugarren baten esku uztea, epaile zein arbitro, zer urrats egin behar den zehaztea.

LABek, eta Greba-batzordeak, zuzendaritzarekin izandako bileraren ostean PRECOn egindako batzarrean baieztatu duten bezala, segitzen dute bi aldeak adiskidetuko dituen KONTZILIAZIOA aldarrikatzen, LHKk gainbegiratutako prozesua irekitzeko eta lan-harremanak ongitu eta berrezarri ahal izateko, lan-auzia behin betiko konponduko duen lehen urratsa egiteko. Tunelaren amaieran argia ikusten hasiko bagara bide egokia hartu behar dugu; unean uneko akordio partzialek ez dute zuzendaritzak eta langileen arteko akordio sendo eta iraunkorrik ziurtatuko.

Bestalde, LAB Metro Bilbaok gezurtatu nahi du langileek lan-auzi hau politizatzeko interesik dutenik, alderantziz baizik; gainera, norbaitek parametro politikoak sartu baditu, Metro Bilbaoko zuzendaritza eta gidatzen duen politikaria izan dira.

Amaitzeko, mobilizazioen egutegia gogora ekarriko dugu:

·        Bihar ,otsailak 14, 10:30etan. Nafarroa kaleko bulegoetan elkarretaratzea “Lan izoztearen aurka. Murrizketarik ez!”

·        Osteguna, otsaika 16. Lanuztea 17etatik 21etara eta manifestazioa 18:30etan Moyua plazatik Eusko Jaurlaritzaraino.

 


Utzi iruzkina: