Papanamerikanoan barrena... (Argentina V)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2010-09-14 15:12

Nicok garraio lanak egiten ditu bere furgoneta gorrian. Su-itzalgailuak eramaten ditu hemendik hara, gorriak dira su-itzalgailuak Argentinan ere. Nicoren masailak oso gorritu ziren pasa den astean lan bidaiatxo batean lagunduko ahal nion galdetu zidanean. Noski, nola ez, gusto handiz, pozik lagundu ere...

Gaur, astelehena, goizean goizetik atera gara. Furgoa su-itzalgailuz goraino beteta goaz, atzeko bi gurpilak ez dira apenas ikusten pisuaren pisuagatik. Buenos Airesetik iparraldera jo dugu, abestiak dioen bezala, autobide papanamerikanoan barrena. Hemen errepideak lerro zuzen amaigabeak dira, nahiko aspergarriak, ez balitz paisaia guzti hau berria delako ene errepertorioan...

Zelai zabalak ezker eskuin, lautada irekiak... Horizonteak ez du mugarik, luzea da, hirurehun eta hirurogei graduak biltzen ditu... Zerua hain da handia nola borobiltzen den sentitzen dela, komatxorik gabeko planetarioa da zerua...

Pampa - Rta. Prov. 55 (Balcarce) 2010-08-16

Atzean bestetariko panorama bat ere ari gara uzten ordea: Chevrolet-General Motors fabrikan geldialdi teknikoan daude, eta altzairuaren industria lokaleko tximinietan ez da kerik ikusten, garraiolariek autogileen eta altzairuaren arteko zubia moztu baitute, lan baldintza duhinak aldarrikatzearren...

Bide ertzean, YPF-Repsol gasolindegi zenbaitzu topatu ditugu, eta soja-baba transgenikoz goraino beteriko silo metaliko piloa, panpa heze eta emankor honetan... Atzean utzi ditugu asfalto deformatua eta nekagaitz jarraiki datorkigun furgonetaren itzal luzanga...

Iritsi gara Rosariora, Santa Fe probintzian. Hiri ikusgarria da Rosario, atsegina, dinamikoa, kafetegi dotoreak daude nonnahi, eta ibai ertzean paseo majoa atondu dute... Bertako semeak pertsonaia mundialak dira asko (besteak beste, Ernesto Che Guevara, Fito Páez, Roberto Fontanarrosa komikigilea, baita Lionel Messi ere...). Bertako alabak famatuak dira beren edertasunagatik, baina dirudienez ezaugarri hau ez da arrazoi nahikoa errosariotar alabei izen abizen propioak eransteko...

Hamar bezero bisitatu ditugu hiru egunetan. Horietako batek, Sastrek, errekako arrai freskoa afaltzera gonbidatu gaitu, eta ‘Larrosa Beltza’ deritzon kabareta erakutsi nahi izan digu gero, temati... Han utzi ditut bi mutil zaharrak, txanpua edaten, alegera, ikuskizun hari so, adi-adi...

Biharamunean, nik gidatzen dut. Nico tipo berritsua da, denetaz asko dakien horietakoa, baina ez hitzontzi soila, ez ez, egiaz kritikoa da eta jakituna oro har. Gaur hiru ordu behar izan ditu mihia dantzan jartzeko, kar kar kar... Eguerdi partean iritsi gara Parana hirira, Entre Rios probintziako hiriburura. Inguru hau argentinar mesopotamian aurkitzen da, ibaiz inguratuta dago, urek sarritan egiten dute gainezka lur-sailotan, ura paisaiaren parte da hemen. Parana ibaia, adibidez, urpeko tunel batetik zeharkatu dugu...

Gaur beste hiru bezero bisitatu ditugu, Lucía, Arizaga eta Dante... Oso jende jatorra, zinez eskuzabala, denek gonbidatu gaituzte erakusmahai ostean matea hartzera. Onartzen dut mateatzea gustagarri zaidala. Zurrupaka mate belarra garbitzea ekintza kolektiboa da, zeremoniatsua, kulturala, eta txit adiktiboa...

Fontanarrosa 4


Utzi iruzkina: