Lurra, ura eta justizia... (Argentina XVIII)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2010-12-29 12:01

            Bi hilabete pasata daramatzat Argentinako iparraldetik eta mendebaldetik bidaiatzen, paisaia idor bezain ederretan murgiltzen, jende langile bezain borrokalaria ezagutzen, behartsu bezain eskuzabala. Emozioz betetako ibilbidea izan da, ahaztezina, zoragarria, transzendentala... Batez ere nekazari txikien komunitateak bisitatu ditut, eta hemendik atari honetatik talde hauen aldarrikapenen hauspo nahiko nuke izan. Antolatzen dituzten erakundeen ezaugarriak partikularrak dira probintzia batetik bestera, baina oihukatzen duten leloa berbera da beti, “lurra, ura eta justizia”. Estatuak guztiz alde batera utzi ditu komunitate hauek, maizegi gertatzen da ez dutela edateko urik, ezta argindarrik ere, ez dizkiete osasun zerbitzu minimoak bermatzen, ezta bidezko hezkuntza bat ere, arbasoen lurretatik bidali egiten dituzte, eta beraien bizimoduarekiko errespeturik ez duen politika ekonomiko bat ari da gailentzen... Horregatik guztiagatik aldarrikatzen dute elikadura-subiranotasuna eta nekazaritza-erreforma integral bat...

18b

 

            Mendozako probintzian lurrik gabeko nekazariak batzen dituen taldea UST deitzen da. Zinez antolakuntza interesgarria du talde honek, eta esfortzu handiz besteak beste produkzio kate oso bat jarri dute martxan. Esaterako, txiki-txikitatik hazten dute tomate landarea negutegian, gero tomatea landatu zaindu eta uzta biltzen dute baratzean, fruitu horrekin saltsa fin gozo bat egiten dute artisau-fabrikan, eta azkenik produktua prezio egokian merkaturatzen dute... Honako hau ere lurralde idorra da, eta ureztatzeko eskubidea oso mugatuta dago, gutxi batzuen esku, 1894ko lege baten menpe. Hala ere, ura duten lur-sailen ehuneko berrogeita hamarra abandonatuta dago, erabat zorpetuta baitaude. Sasiz betetako lur eremu zabal hauen sozializazioa aldarrikatzen dute nekazari hauek, uraren banaketa justua ere, eta oro har langile bezala burujabe izango diren gizarte bat amesten dute. Gizon eta emakume hauek kondorraren hegaldi askea dute, pumaren pauso ziurra, eta sugearen azal gogorra...

 

            MCC Córdobako nekazariak batzen dituen elkartea da. Probintzia honetan sojaren monolaborantza tirano baten armada bezala da, aurrera egin ahala dena txikitzen du, lur eta ur oro xurgatzen du, eta bere asmoetara makurtzen ez den hori itsaslabarretara bultzatzen du... Beno, irudi honekin egungo nekazaritza eta abeltzaintza sistemaren bortizkeria azaldu nahi da, eta azken finean aberastasuna beti esku gutxi batzutan geratzen dela salatu... Egin kontu, duela hogeita hamar bat urte, diktadura garaian, eskualde honetan ipar-ekialdeko bailara batean dike erraldoi bat eraiki zuten, Pichanas dikea, ura baliabide publiko bezala hobeto kudeatzeko intentzioarekin. Bailararen eskuin hegala laupabost enpresariren jabegoa da, eta ezkerraldean hirurehun familiatik gora bizi dira. Bailararen alde batak uraren ehuneko laurogeia kontsumitzen du, eta besteak hogeia. Zein da zein? Noski, publiko hitzaren definizio honetara boteretsuek baino ez dute sarbidea, antza denez... Otro Gallo Cantará. La margen izquierda...

 

            Herriak elikatzeko duen eskubidea nekazal munduaren duintasunean eta benetako demokratizazio prozesu batean oinarritzen den eskubidea da, uka ezina. Baratzeko lana, abeltzaintza, basogintza, ehutea eta artisautza dira lagun hauen lanbideak. Ez dute patroirik nahi, eta lurra da beraien duintasun espazioa. Lurrak funtzio sozial bat bete behar du. Lurra era sostengarrian lantzen duenari zer horretara iristeko bermea eman behar zaio. Hori eta askoz gehiago da elikadura-subiranotasuna. Zer jaten dugun zehazki jakitea, nondik datorren, nork eta nola ekoiztu duen...

 

            MNCI, Nekazarien eta Indigenen Mugimendu Nazionalak nekazaritza-erreforma integral bat aldarrikatzen du. Alegia, lurraren eta uraren demokratizazioa, prezioak puzten dituzten bitartekaririk gabeko komertzializazio sistema bat, nekazal produkzioa indartuko duen kreditu eta diru-laguntza sistema bat, komunitateen baloreetan ohituretan eta aniztasunean oinarritutako hezkuntza bat, jatorrizko lurraldean geratzeko eskubidea eta lurralde hori zein bertako baliabide naturalak defendatzeko eskubidea ere bermatuko duten politika publikoak diseinatzea eta betearaztea, zerbitzuei dagokienez nekazal guneetako azpiegiturak hobetu ahal izateko diru-laguntzak erraztea, gizarte zibilaren parte hartzea kontutan izatea lurralde antolamenduan, gazteriaren formakuntza eta garapen pertsonala ziurtatzea...

 

18

Hau da oso laburbilduta gizon eta emakume hauen eta nire ustez gure egin behar dugun aldarrikapen sorta. Guzti honek sistema neoliberalaren porrotari irtenbide bat aurkitzearekin du zerikusia. Mundu hobe bat eraikitzearekin du zerikusia...


Utzi iruzkina: