HERRI KOOPERATIBEN LEHENENGO JARDUNALDIAK KARABIE GAZTETXEAN

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2013-09-11 18:43

Pasa den abuztuaren bukaeran (abuztuak 30-31 eta irailak 1) Herri Kooperatibaren lehenengo jardunaldiak egin ziren Karabie gaztetxean. Bertara Euskal Herriko hainbat tokitako jendea hurbildu zen.

Bariku arratsaldean Herri Kooperatiba ekimenaren aurkezpen orokorra eta orain arteko ibilbidearen zehaztasunak eman ziren. Hasierako dudak argitzen joateko momentu aproposa izan zen hau. Zer da funtsean Herri Kooperatiba: gizarte eredu berri bat sortzeko asmoa duen ekimena da. Kooperatzea (ez lehiatzea) eta autogestioa ditu helburu, sistema kapitalistaren eredu inposatzailea gainditzeko. Estatuaren egituratik eta merkatutik aldentzeko asmoa dauka, benetan burujabe izateko. Estatuaren burokrazia ekidin ahal izateko tresna kolektiboak eskuragarri jarri nahi ditu, horretarako Herri Kooperatibak marko legala eskaintzen du, eredu ekonomiko alternatiboak eraikitzen joateko. Oinarrizko beharrizanak ase ahal izateko egitura autoantolatuen sarea bultzatu nahi du. Modu integralean iraultza bat proposatzen du, inguratzen gaituen egituren transformazioan oinarrituz.

Gaur egun Herri Kooperatibaren parte diren zerbitzu eta jarduera produktiboak: baratze ekologikoak, Ateak Ireki komunikazio taldea, margolari bat, zerbitzu administratibo bat, formakuntza feminista egiten duen talde bat, landare-ukenduak egiten dituen pertsona bat, web orriak egiten dituen talde bat…

               Zapatu goizean, hiru lan-taldetan banatu ginen han geundenok: batzuk komunikazioaren inguruan mintzatu ziren (nola zabaldu ekimen honen ingurukoak?...), beste batzuk moneta sozialaren inguruan mintzatu ziren (nola ipini martxan moneta lokala?...), eta hirugarren batzuk elikaduran burujabe nola izan eztabaidatu zuten (nola jarri praktikan elikadura herrikoi eta autogestionatua?...).

Zapatu arratsaldean, Lemoatxara igo ginen, gerra zibileko lubakien garbiketan eta atontzean auzolanean laguntzeko.

Bukatzeko, Herri Kooperatibak jendea animatu nahi dugu hurrengo deialdietara hurbil dadin eta batez ere sare lokalak indartuz joateko ekimen produktibo berriak Herri Kooperatibaren parte izatera gonbidatzen ditu. Gehiago jakiteko https://enekenbat.cc/g/herri_kooperatiba.

cooperativas1-300x206

 

 


Utzi iruzkina: