Azkena Rock 2016ren kronika

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2017-05-12 20:16

XV. AZKENA ROCK JAIALDIA Mendizabal (Gasteiz) 2016ko ekainaren 17a eta 18a

 15. edizioa du jada Azkena aretoan hasi (egungo Jimmy Jazz) eta bigarren urtetik erraldoi bihurtu eta Mendizabalara pasatu zen jaialdiak. Zer esanik ez dagoeneko estatu osoko jaialdirik beteranoenetakoa bihurtu dela, baina ez hori bakarrik: Zalantzarik gabe, koherenteenetakoa da eskaintzen duen estilo eta talde berri zein zaharren kalitateagatik. Azkena garantia hutsa da, eta jendeak badaki.

 Aurtengoari begira, urteroko ilusioa berriz ere piztu zitzaigun zaleoi, eguraldiaren iragarpena tristea izanagatik. Izan ere, euriak gogor erasoko zigun bi egunetan, baina batez ere ostiral arratsalde guzian. Heroien moduan, ordea, zale amorratuenek gogor eutsi zioten Thor jainkoaren enbatari.

 Ostirala, ekainaren 17a

 Pronostikoak bete ziren, eta euriak ez zigun tregoarik emango Hellacoptersen kontzertura arte. Iragarpenak aspalditik jakiteak, ordea, antolatzaileei karpa ireki asko jartzeko denbora eman zien. Eskerrak! Dena den, prestaturik joan ez ziren batzuek gaizki pasako zuten… hurrengo egunean bederen. Bistan zegoen: Azkenara joan nahi zuenak busti egingo zela argi eduki behar zuen. Honela, hasierako taldeak galdu genituen, pena handiz, batez ere Jared James Nichols power trioa. Dena den, Vintage Troubleren zati bat harrapatu nuen. Benetan interesgarria zirudien, abeslariak ikuslegoa esku-eskuan zeukala nabaritu nuen, guztioi besoak alde batetik bestera mugiarazi eta dantzan jarri baitzituen. Los Brazos apur bat ikusi ahal izan nuen, eta egin zidaten inpresioa oso sakona izan bazen ere, eszenatoki handira joan beharra neukan, inola ere galdu ez nahi nuen artista baineukan zain.

 Lucinda Williams artista beteranoa jaialdiko gantxorik handienetakoa zen, baina egoera hain kaxkarrean ikusi izanak penatu ninduen: ahotsik gabe, ia mugitu ere egin gabe… feeling pixka bat nahikoa izango luke, agian, zale asko hunkitzeko, baina… Harrituta irakurri ditut bere ahotsaren kalitatea goraipatzen dituzten kronika batzuk: ez zen notetara ailegatzen, gogorik gabe ibili zen eta ez nuen ezer ere sentitu. Egia esateko, tristea izan zen hainbeste denboran zain egon ginenontzat. Drunken angel eta Car wheels on a gravel road ederrei behar bezalako etekina atera ez ziela uste dut. Baliteke, batzuek dioten moduan, showak pixkanaka gora egin izana, baina hori soilik oso gaizki hasi zelako izan zen posible. Bukaera aldean, Honey Bee dezente indartsuago atera zitzaion. Dena den, jendea Neil Youngen Rockin’ in a free world jo zuenean soilik esnatu zen, nahiko tristea iruditu zitzaidana.

 Blackberry Smoke estatu batuarrak aztertzeko garaian kontraesankorra naiz, oso. Dena daukate: teknika, sentimendua, irudia, aurkezpena… banda klasiko bat dirudi zentzu guztietan. Kanon guztiak betetzen dituzte 70. hamarkadako classic rock talde bat izateko, baina… ez dakit neu bakarrik naizen, baina gatz eta piper pixka bat faltan sumatzen dut. Dena hain dago neurtua… zein pose egingo dituzten ere ia badakizu. Fire in the hole, espero genuen bezala, aukeratu zuten hasteko, eta argi utzi nahi dut Six ways to Sunday, Let me help you (find the door), Rock and roll again, Good one comin’ on edota Living in the song kantu onak direla, gozatu nituela eta are gehiago gozatu zutela zaleek. Gero, Sleeping dogs Led Zeppelin-en Your time is gonna come-rekin lotzean, arrakasta begi bistakoa izan zen. Kontzertu ona ematen ari ziren, dudarik ez dago, baina zer edo zer jan eta jaialdiko sorpresa ikusteko prestatzea erabaki genuen.

 Primal Scream-en emanaldia bertan behera gelditu eta gero, itzulera kontzertu bakarra (Suedian) programatuta zeukan taldea iragarri zuen ARF-k: Hellacopters! Ordezkoa haserakoa baino hobea suertatu zen askorentzat, sarreren salmenta bizkortu baitzen. Bai, amets bat dirudien arren 2008an desegin zen taldea itzuli da, baina jatorrizko partaideekin! Gainera, lehen diskoko eta garai hartako abestiak bakarrik daude errepertorioan. Dena prest zegoen juergarako, baina, esan dezagun ja, soinua deskalabru hutsa izan zen, eta emanaldi osoa baldintzatu zuen. Ikusleek, gehienak suminduta seguru aski, gozatzeko beta ere izan zuten, ordea: Izan ere, suediarrek kontzertu hiltzailea eskaini zuten: duela 20 urteko jarrera zitala, pose erasokorrak, punteo zorrotzak eta abiadura… kristoren abiadura. Beraz, Supershity to the Max! disko mitikoari egurra (Born broke, Who could I care?, Fake baby, Fire fire fire, Bore me, Tab, Random riot eta beste guztiak) garai hartako single bat (1995) eta orain arte argitaratu gabe egon diren harribitxi bat edo beste (oso oker ez banago: Ghoul school, My Mephistophelean creed eta Another place). Dregen ikuste hutsak taldeari bere azken garaietan (2008) behar zuen txispa eta zitalkeria ematen dio: poseak, distortsioa, mugimendu anfetaminikoak… arriskua nabari da hor. Zer arraio, Nick Royale berak ere motibatuago dirudi! Finean, garaipen ikurra egiteko kontzertu bat, soinuagatik izan ez balitz. Amaierako Spock in my rocket eta, nola ez, (Gotta get some action) Now! birrintzaileek morala sobera igo ziguten.

 Glenn Danzig jaunak pena eman zuela esatearekin bat datoz denak. Nik, haien arrazoiak ukatu gabe ere (forma fisiko txarra, ahotsaren maila negargarria eta izan zenaren karikatura hutsa) ikuspuntu pertsonal batetik ekingo diot. Nik bizitu nuena sentimendu kontrajarriez osaturik dago: Lehen kantatik (Skincarver) ikusi zen hura txiste baten pareko emanaldia izan zitekeela, klixe guztiak bete eta jendea laster alde egiten hasiko zela. Ez nengoen oso oker: hirugarren abestirako (Until you call on the dark) ehunka pertsona etxera edo hirugarren eszenatokira joan zen. Baina, hara non, lehen lerroetan giroa ezberdina izango zela suposatuz, aurreraino joan eta panorama interesgarria topatu nuen. Heavyz betetako lehen gerra frontean, eta Danzing eta bere bandaren aurrez aurre, euforiaren antzeko zerbait bizitu zitekeen. Horregatik izaten dira hain eraginkorrak Azkena Rock jaialdian tarteka muturra sartzea lortzen duten heavy kontzertuak.

 Gakoa barietatean dagoenez, riff zitalek eragin sarkorra eduki zuten, ohi baino erritmo astunagoek eta betiere Danzig lortzen saiatzen zen nota zinez agudo horiek lagunduta. Bai horixe! Am I demon? kantatu eta ukabila zerura altxatzea, bat izan ziren. Abeslariak dena ematen zuen, nahiz eta kontzertu osoan arnasestuka ibili. Larruzko txuparekin pasatzen ari zen beroak zitala behar zuen gero… Black Sabbathen N.I.B. mitikoaren bertsioa soberan egon zen, besteak beste jatorrizkoek bezala inork ezin duelako hura jo. Black Hell eta Mother (Danzigen onenetakoak), hala ere, Twist of cain eta Long way back from hell boteretsuekin batera, zaleon zoriona ekarri zuten. Ez dago besterik, 2016an talde hau ikusi ahal izate hutsa aparteko azaña da. Askok, berriz ere (duela urte batzuk bezala) azken momentuan beste ero-bolada bat etorri eta showa bertan behera utziko zuen beldurrarekin ginenez, ikuste hutsarekin konformatu ginen.

 Gütterdamerung esperimentu bat baino gehiago da: sekula egin ez den performance landua eta kuriosoa baita. Oholtza nagusiko pantaila erraldoian (alboetako biez gain, noski) film bat ikusten ari ginen bitartean, atzean Metal banda bat zuzenean musika jotzen aritu zen, harekin bat eta sinkronizatuta. Henry Rollins (Henry Rollins Euskal Herrian!!) berbera, pantailan aritzeaz gain oholtzan ere izan zen, apaiz eroaren paperean, eta zuzenean hitz egiten. Pelikula bera amerikanada xelebre eta hutsala da, biolentziaren apologia (edo debaldeko indarkeriaren goraipatzea) sustatzen du, nahiz eta “arrazoi on” bat defendatu: gitarraren sinboloa, rock and rolla, fundamentalismo erlijiosoaren aurka. Pelikularen argumentu osoa hori da, bi indar horien arteko borroka, eta gidoiak ez du zipitzik balio. Baina hori guztia era hain era ikusgarrian eta zuzenean entzutean inpaktu handia sortzen du. Efektuak benetan gozagarriak dira, eta Black Sabbathen War Pigs zapaltzailea zuzen zuzenean interpretatzean, eta irudiekin konbinatzean, aho zabalik utzi gintuzten. Slayer, Jefferson Airplane, Screamin’ Jay Hawkins, The Doors (The End-en eszenak zoragarriak izan ziren) ere entzun ahal izan genituen, besteak beste. Pelikulan bertan, Iggy Pop, Josh Homme, Slash eta beste hainbat ikus zitezkeen. Lemmy atera zenean, eta Motörhead-en Ace of spades jo zutenean, euforia ikaragarria izan zen. Dena den, jende gehiena desorientaturik -eta arratsalde osoan jasandako eguraldiagatik akaso- nekatuta eta nahiko estatiko zegoen. Lehen lerroetara egin nuen saltoak askoz ere hobeto gozatzera eraman ninduen arren, abeslariak ez ninduen batera konbentzitu, teknika bikaina izanagatik sentimendu apur bat falta zitzaiolako. Inpresio handia egiten du, ordea, Henry Rollins hain gertu edukitzeak, predikadore eroaren papera interpretatzen, baina zoritxarrez, abestu gabe. Bostetik lau puxtarri, beraz, kontzeptua eta exekuzioari. Ikusgarritasunari. Horretaz aparte, txaloak ausardiari eta lortuko efektuari, eta zero patatero gidoiari.

 Eta horrela joan zitzaigun lehen eguna: hasiera hasieratik hezurretaraino bustita, baina goizeko hirurak pasata ere tinko iraun zuten ehunka zaleren erresistentziarekin.


Utzi iruzkina: