Dependentziak

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2013-03-24 22:22

 

Dependentziari buruz idatzi nahi dut gaur, erabakitzeko gaitasuna nahieran astintzen duelako, haizeak banderak nola. Autodeterminazioa eskatzen duen herri batean bizi gara. Herrigintzari buruz, ordea, poteoan hitz egiten dugu askotan. Horra kontraesana. Larunbatero zuritoa behar duen jendeak autodeterminatu egin nahi du, igeltsua sudurrean darabiltenek ere bai. Dependenteak gara denok.


Badaude dependentzia sanoak, diote batzuek, albokoaren behar etengabea dugunean, kasu. Dependitzea mendekotasuna da, inork inor inork zerbait zerbaitek inor mende izatea. Hori ezin da sanoa izan, baldin sanoak osasuntsua, físiko eta psikikoki ondo dagoena izaten jarraitzen badu. Sanoa da beharra eta nahia bereiztea, eta biak nahasten direnean, nahastuta daudenaren jakitun izatea. Sanoa da enpatia, entzundako malkoak hain erraz lurruntzeko gai ez izatea, alegia. Sanoa da mina saihestea, minetik amorrua sortzea, eta kanalizatzen jakitea, edo saiatzea behintzat. Ez da sanoa baso bat ur eskatzea egarririk ez daukagunean, esku bat okupatuta izateagatik bakarrik. Ez da sanoa zure planen arabera egitea nik nireak, zuk zureak nireen arabera egiten ez dituzunean sekula. Ez da sanoa ihesi aritzea ihes goazenik konturatu gabe, etxetik, kaletik, lanetik, harengandik edo, gehienetan, geure buruagandik. Gero eta gutxiago dira beren buruarekin egoten dakitenak, prest daudenak sortzen zaizkien sentsazioak onartu eta ulertzen saiatzeko. Izan ere, gertaeren edo egoeren kontzientzia garatzea ardura handi bat gure gain hartzea da, ezer ez egitea zerbait egitearen pareko erabaki bihurtzen baita, non ondorioen pisua gure bizkarrak hartuko duen.


Denok gara, ordea, ezeren mendeko, harreman, bizimodu edo substantziaren batekiko dependente. Denok dugu, beraz, erabakitzeko gaitasuna itota. Izan ere, hasieragunean, nahiz kulturak eta jendarteak alde batera edo bestera bultza gaitzaketen, badugu erabakitzerik dependente izatera arriskatu nahi dugun edo ez. Arazoa gero dator, muga non dagoen ez baitu marra batek zehazten eta azkenean itxi egiten dira katu-begiak ere. Nire begien helburua irekita daudenean irekita eta itxita daudenean itxita daudela jakitea da, uneoro konturatzea paisaia hori mundua bera edo betazalak diren.

 


Utzi iruzkina: