Blogak.EUS: 10. urteurrenean, goitik behera eraberrituta

twitter: BlogakEus BlogakEUS | 2016-02-23 09:55
5 1

BlogakEUS 1456223295187

2005. urte hondarrean sortu genuen Blogak.com blog-komunitatea. Aitzindari izan zen arlo horretan, Blogari.net plataformarekin batera, euskal internautei blogak sortzeko doako azpiegitura eskaintzeko orduan.

Helburua argia zen: blogak modan jarri ziren garai hartan, edozein blogari euskalduni, ziberespazioko bere txokotxoa eskaintzea: doan, samur eta euskaraz. "Zuk ere sortu blog bat, euskaraz eta aitaren batean" zioen gure orduko leloak. Eta holaxe joan zaizkigu 10 urte, euskal blogariei plataforma egoki bat eskaintzen euren blogak sortzeko, eta sarean euskaraz dagoen edukia handitzen.

Denbora tarte honetan 3000 blog baino gehiago sortu dira komunitate honetan, eta 40.000 artikulu baino gehiago argitaratu dira.

10. urteurrenean, erabat berritu dugu Blogak.eus

Orain, 10. urteurrenaren epelera, Blogak plataforma goitik behera aldatu dugu:

  • azpiegitura teknikoa aldatu diogu: plataforma askoz arinagoa eta erabilterrazagoa da, garaira egokituta.
  • diseinua ere erabat aldatu da, bere kolore gorri korporatiboari eutsi arren.
  • gailu mugikorretara ere egokitu dugu.
  • eta .EUS bihurtu gara, euskal blogarion plataformak behar duen abizen egokia lortuz: Blogak.eus

Izenez eta itxuraz erabat moldatu dugu Blogak.EUS, baina asmoz eta izaeraz hasierako helburuei eusten diegu, 10 urte geroago ere, horretarako premia dagoela pentsatuz: euskal blogarion komunitateari, erreminta erabilterraz bat eskaintzea blogak sortzeko, doan, samur eta euskaraz.

Orain arte erabiltzaile izan zareten horiei, eskerrik beroena zuen konfidantzagatik. Ea zer iruditzen zaizuen plataforma berria, eta edozein zalantza baduzue, idatziguzue lasai asko.

Orain ezagutu gaituzuenok, zuen bloga sortzeko plataforma bat behar baduzue, hementxe duzue zuen etxea, gustuko baduzue.

Bitakora produktuaz eginda

Blogak.eus komunitatea sortzeko, Bitakora produktua erabili dugu. Blog-komunitateak sortzeko plataforma da Bitakora. Hasiera batean Zope gainean eraikia, 2015 amaieran Djangorekin eguneratua. Produktu librea da Bitakora, GPL lizentziapean banatzen duguna. Hementxe Kodea eta Dokumentazioa.

Blogak.eus webgunea eta Bitakora produktua Codesyntax enpresaren lanak dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua.

Lander

Lander 2016-11-29 17:15 #1

Kaixo, blogariok:

Aspaldi batean, zuen blog-gunea beste itxura bateko "bloragiak.com" zela, nik banuen N@Z alkarbloga, eta orain berreskuratu nahi nuke aspaldian utzia nuen blog hori. Kontua da, beste itxura batez bada ere, haren nolabaiteko helbidea topatu dudala sarean (http://blogak.eus/alkarbloga), baina ez dut modurik aurkitzen blogera sartzeko, pasahitza erabat ahaztuta, eta, berreskuartzeko biderik ere ez dit ematen webguneak.

Gauzak horrela, galdera zera da: oraindik ere ibili baldin badabil gune hori (orain, blogak.eus), berreskuratu al liteke nire gunetxoaren aktibitatea? Zer egin behar dut horretarako?

Aldez aurretik eskerrak emanda, zuen erantzunaren zain gelditzen naiz.

Lander Landa


Utzi iruzkina: