Azkenik bloga, azkenik Tokio
Bihar banoa Tokiora. Urduri nago, ez dut ukatuko, aspaldian egin nahi nuen egonaldia bada ere. Kanpoan bizitakoa naiz, bidaiazalea, mundutik ibilitako gazte-belaunaldi-hiper-prestatu horren adibidea ziurrenik, eta hala ere, oraindik nabari dut hatzetako azkura eta hotza sudur puntan bidaia prestatzeari ekin behar diodanean. Zergatik azoratzen naute maletek? Ez dut sekula ulertuko, ezta ekidin ahal izango ziur asko, baina hala da.
Bidaien aurretik, gainera, berbera egiten dut beti: egin beharrekoak atzeratu. Arropa aukeratu eta kontu hori gainetik kendu ordez, eskaneatu eta bidalia utzi behar dudan dokumentu horrekin jarri beharrean, hemen nago, blog bati hasiera ematen. Blogak zaharkituak eta ahaztuak daudenean, hortxe nator ni. Unerik okerrenean gainera, urduritasunak jota eta lanez blai. Ez al dut ba honetarako denbora izango nire Tokioko arratsalde bakartietan, nire Kura etxetxoan tea xurgatzen eserita.
Kontua da blogak berak agindu didala, izenburua soilik jarrita nuenean, mezutxo batean halako zerbait igartzerakoan: hasi zaitez idazten damutu aurretik! Blog berria sortu beharko nuke hitz zehatzok topatzeko, baina argi zegoen mezua: eman duzu pausua, has zaitez edo ez zara orrialde honetan berriz sartuko. Eta kasu egin behar.
Hala ere, aspaldi nuela bloga hasteko gogoa. Ez bereziki formatuagatik; besterik gabe, zenbaitetan txoakeiyak bururatzen zaizkidalako eta nonbait idatzi nahiko nituzkeelako. Irudiari begira idazten duen pertsona naiz, hitzaren bitartez bidea bilatzen duena, eta horretarako txoko propio bat, norberaren gela konpartitu bat nahi nuen.
Eta aspaldi nuen Tokiora, edo Japonera, denboraldi batez joateko gogoa. Behin izan nintzen beste leku baterako bidean, orain dela sei urte, sei egunetan zehar kale, estazio eta jendartean guztiz galdua, marabilosoki galdua bederen. Gizarte oso bat ondotik pasatzen ikusten nuen, pitzik ere ulertu gabe, marearen esanetara. Sentsazio hori berriz sentitu nahi dut denbora luzeagoan, egunerokotasunean egonkor.
Hortaz, Tokioko egonaldiaren aukerak blogaren ideia finkatu besterik ez zuen egin, ziur bainago egun bakoitzak hamaika pasio sortuko dizkidala, eta burua handia izan arren memoria are eta txikiagoa dudanez (gehiegi sartu nahi izatearen ondorio), argi zegoen erregularki, hortzak garbitu legez, ekin behar niola pasio hauen bilketari, gorde nahi banituen behintzat. Eta iragankortasunarekin arazorik ez izanik ere, badut esperientzia honen arrastoa gordetzeko grina.
Hau nire aurkezpena eta zuri, balizko irakurlea, ongi-etorria. Hurrengo kapitulua Tokion halabeharrez. Bidai on niri!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: