Kilometroak maitasun bihurtuz

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2009-04-29 11:34


berria.info

Adar deiarekin batera Garazi eta Olaiaren txalapartaren hotsak zabaltzen hasi zirenean Anbotoko Marik aginduta euri zaparradak ateri egin zuen eta txalo zaparrada, maitasunez, Etxerateko ibiltarien gainean pausatu eta Landako gunean isuri zen. Ibiltarien zain zegoen ama, zain aita, zain andre/gizona eta seme-alabak, zain lagunak eta Arantxa, eta Josune, eta Fanekas, eta Patxiren neska-laguna, eta Garbiñe, eta Pinki eta milaka pertsona Etxerat baitan txaloka.

Txalaparta tematsu eta alai, alai eta tematsu, erritmoarekin jostalari, berriro eta berriro, alai eta tematsu, bizkor eta jauzika. Ama!, esan zuen kantariak, torturatu egin naute, baina ez dut negar egin edo bai egin dut edo bai oihuka hasi naiz amorrazioz edo auskalo zer ama, baina zu nire alboan zinen, esan du kantariak. Eta txalaparta tematsu eta alai. Banaka banako bat gehi bi eta ber bi zortzi banaka banako batera zortzinako mundua. Alde batera presoak dantzariak herriaren aurrean, beste aldera etxera herriak presoei. Eta txalaparta jostalari eta bizkor, iraunkor eta jauzika. Hitzaren aztiek esan dutenez, kilometroak maitasun bihurtu dira, duintasuna ezin baitaiteke kartzelaratu eta hona eta hara ibili badira bihotz dispertsatuak beste hainbat izan dira bihotz batuak. Eta txalapartak jolas, oihu, deia, jauzi.

Eta bat-batean irudi bat. Itxi gabeko zirkulu beltz gotorraren erdian eguzkiaren argia, Eskerrak ematen Presoen partetik Bake duinaren Kontzientziari. Zeren presoen eskubideen aldeko mobilizazioak gatazkaren konponbidearen alde jotzen du.

20 urteko ibilerekin, tartean hildakoekin, auto gidari boluntarioekin, kale martxa guztiekin, manifestazio erraldoi zein txikiekin, ahaide eta lagunen ordu luzeko joan etorriekin, istripu larriekin, milioika euroko gastuarekin, iraina eta umilazioekin, zozketa eta jaiekin... ibilaldi bakarra osatzen da. Magoak sakabanaketa agindu paperak kolorezko paper hegalariak bihurtu ditu. Pailazoak kaka pila eta tristeziarekin, bihotz-buru-eskuko dantza osatu du, eta, oi miraria!, hasi gara: sentitu pentsatu ekin denok elkarrekin.

Kriseilua agertu da. Piztuta zegoen, baina zerbait gertatu zaio. Izar berrien argiz, joandakoen izar-argiz indartsuago dago kriseilua. Ezin dugu onartu, ezin dugu onartu... errepikatzen dute Fitoren ahoan hainbat eta hainbat elkartek. Eta badator eskerrak emanez, «eskerrak gazteei laguntzen gaituztelako bisitak egiten», «eta nora? eta Kanaria uharteetara bidali, han zortzi urte inorekin hitz egin gabe pasa zen gaixoa. Ez diot inori horrelakorik opa». Badator «mila pusketan zatitu ez duten ahalegina», Etxerat bera. Harrotasunez, gogoratuz, itxaropena landuz, Etxeraten hitzak osorik irakur itzazue.

JOSEBA BARRIOLA


Utzi iruzkina: