Adiorik ez, Aita.

No profile photo aitziberkarkamo | 2017-03-20 01:45
1

Hiru urte dira joan zinenetik eta egunero gogoan zaitut.

GARA 2014/04/03

Bat-batean joan egin zara, aita. Heriotzak ez du oraingoan abisurik eman eta boteprontoan eraman zaitu gure ondotik. Bat-batekoa bezain mingarria izan da eta oraindik ere, esnatzean amesgaizto bat izan dela pentsatzen badut ere, badakit denbora kontua dela; zu gabe bizitzea ikastea dagokigu orain. Zu gabe, bai, baina zuk utzitako guztiarekin, geratu zaigun hutsunea oroitzapenez, jazoerez eta irakaspenez beteko dugu.

Datozen asteotan, zuk irakatsi eta egiten zenuen moduan landuko dugu Amarekin batera horrenbeste bizkarreko min eman zizkizun baratza, zure lanarekin jarraituz. Zuk erakutsi zenigun baratzeko produktuak ekologikoki lantzen eta hiru seme-alabok eta zure eskuzabaltasunaren jasotzaile izandako orok, urtetan gozatu ditugu zuk horrenbeste nekez eta maitasunaz ereindakoak.

Datozen hilabeteotan ere Gesaltzara joango gara. Zuk landu zenituen eta erakutsi zenizkigun gatzagen inguruetatik paseatuko gara eta eraberritzen ari diren zure eta amaren sorterriko karriketatik gora eta behera ibiliko dira Maialen, Hiart eta Hegoa, guk urtetan egin izan dugun bezala, zuk gaztetan ibilitako txoko berdinetan izkutatuz.

Ezin zenituen nire artikuluak irakurri, hizkuntzaren gorabeherak, baina nik ongi dakit harro baino harroago sentitzen zinela zure alaba baten hitzak egunkari batean ikustean. Xabi Payak Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantatu zuen: «Tú no nos diste el euskara, pero nos diste la vida/ nos llevaste a la ikastola, aprendimos enseguida/ ya es hora de que entiendas, el canto que nos domina». Eta nik diot: nire zutabe guztiak zuretzat izango dira.


Utzi iruzkina: