Etorkizuna

No profile photo Hakkama tolestu ezinik | 2009-06-17 16:31

Haurren eskolak amaitu egin dira, udako oporrak hasi dira eta. Izugarri pozik amaitu dugu denok: haurrek, Ekain laguntzaileak eta nik. Ondo pasatu dugu, asko dibertitu gara, asko ikasi dugu. Haurrek ez ezik, nik ere asko ikasi dut, batez ere. Oso esperientzia aberasgarria izan da. Eta abian da hurrengo ikasturterako planifikazioa. Ikastetxeek informazioa jaso dute, eta kartelak laster eramango ditugu inprimatzera, aldaketa txikiren bat egin eta gero. Lehen aldiz egiten ari gara horrelakorik, eta freskotasun falta sumatzen dugu, baina hasiak gara!

Ikaragarri polita izan da haurrei irakastea, edo haurrei ikasteko aukera ematea. Zer desberdina den haiei irakastea helduen aldean. Harrigarria izan da haien zintzotasuna, jakin-mina eta irekitasuna, eta, alderdi mentalaren aldetik, mugimendu bera behin eta berriz egiteko borondate ona. Gurasoekin ere zorte handia izan dut. Arazorik gabe ulertu dute aikido ez dela beste borroka arteen modukoa, aikidok indarkeria mota guztiak baztertzen dituela, justifikatuak, bai, baina are gehiago justifikatu gabeak. Nik izan nuen erronka: lehenengo eta behin, haurrak aikidoren oinarriak ulertzeko gai direla sinetsi behar nuen. Eta ondo baino hobeto ulertu dituzte, heldu askok baino nabarmen azkarrago.

Helduekin ere antzeko planifikazioa egingo dugu. Kartelak ipiniko ditugu eta irailaren hasieran erakustaldiren bat edo beste egiten ahaleginduko gara, Zarautzen, ahal izanez gero. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobeto. Ea aikidoren hazia Zarautzen eta inguruko herrietan ereitea lortzen dugun!


Utzi iruzkina: