Topatu.info webgunea

No profile photo Altsasuko Gaztetxea | 2010-01-23 11:42

Gazteon topaleku izango den web orrialdea jaio da! Ostiraletik aurrera egonen da martxan. Bertan izango dugu Euskal Herriko gazteok elkarren berri jakiteko parada, elkarrengandik ikasteko abagunea. Gure esperientziak trukatzeko gunea izateko helburuarekin jaio da. Gure arteko komunikazio zubiak eraikiko ditugu.

Erditu da topatu.info ataria. Zestoan burutu ziren gazte topaketen filosofiari eta ildoari jarraiki gazte mugimenduak egunero aurrera daramatzan borroken erakusleiho izan nahi du atari berri honek. Ikasleek, gazte asanbladek, aisialdi ekintzek, kultur ekimenek, musikariek, independentziaren alde lanean dihardutenek, proiektu txikitzaileen aurka lanean dihardutenek, emakumeen borrokek, proiektu komunikatiboek, sexualitate askearen aldeko ekimenek etab. Guztiek izango dute tokia topatu.info leihoan. Euskal Herrian bestelako bizi eta herri eredu baten alde egunero lanean, alternatibak eraikitzen diharduen gazte mugimendu oso bat baitago.
Hau egia bilakatzeko ordea, ezinbestekoa da zure parte hartzea ere. Guztion artean gune bizi bilakatuko dugu hau. Gure herri eta auzoetan egiten ditugun ekimenen eta egoeraren berri emateko zuen parte hartzea ezinbestekoa da. Horretarako nahikoa da
topatuinfo@gmail.com  postara albisteak bidaltzea. Testu, argazki, audio zein bideoak gustura jasoko ditugu ahalik eta informazio osatuena emanez.

Sarea euskal gazteon topaleku izango da atari honen bitartez. Baina ildo horretan ezinbestekoa iruditzen zaigu sareak ematen dituen beste zenbait bitarteko ere baliatzea. Hala, publikatzen den albiste oro Twitter eta Facebook bidez ere zabalduko ditugu, berehalako informazioa jasotzeko eta ahalik eta eremu gehienetara iristeko.

Beraz, Euskal Herriko gazte mugimenduak hemen du bere tokia, bere ekimenen berri lau haizetara zabaltzeko. Ekin diezaiogun lanari!


http://www.topatu.info



Utzi iruzkina: